2010ko martxoak 9

Agurainen ere Emakumeok Martxan!

Batzuentzako sorginak
Besteentzako sirenak
Batzuentzat emagalduak
Besteentzat amabirjinak
Hurbil izaten ditugu
Anbulantzien sirenak
Kolpatu gaituelako
Nonbait maite gintuenak
Baina ematen dizkigu
Kolpeetan gogorrenak
Beste aldera begiratuz
Etxean gelditzen denak (3 argazki)

01

Pobrezia ariman du
Gure egungo munduak
Bete behar direlako
Diruaren aginduak
Alperrik dugu hartzea
Gizonaren ereduak
Emakumeak mendeetan
Egon gara zapalduak
Lanik txarrenak ditugu
Ta gutxien ordainduak
Gurea aldarrikatuz
Altxa ditzagun buruak

02

Emakumeen bizkarrean
Daukagu zama itzela
Haurren ta adinekoen zaintza
Edo etxea bestela
Diote, lan osoaren
Ehuneko 80 dela
Batzuk onartuko dute
Zoragarriak garela
Baina banatu behar da
Hobeto denon pastela
Ez da horren zaila eta
Ahalegindu daitezela

03

Gure gainetik pasa da
Mundu ero honen gurpila
Jasan behar izan ditugu
Umilazioak mila
Baina guk jarraitzen dugu
Askatasunaren bila
Gure gorputza nahiz izan
Mehar edo biribila
Ez da ugaltzeko zerbait,
Ez da umetoki soila
Daukagun bakarra da ta
Geurea izan dadila

Copyright 2009 . Gure helbidea: Agurain.org - Agurain 01200 - Araba (Euskal Herria) e-posta administrador@agurain.org